XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UGTren I. Kongresua, Frantzian, 1944ko azaroan.

Gero eta sakonagoak ziren sozialisten arteko zatiketak eta frustrazioak. Mugimendu katalanaren kemenik eza agerikoa zen eta ordu arte Kataluniakoa baino homogenoago agertu zen euskal mugimendu abertzalearen barnean ere tentsioak izan ziren, Prietori esku handiegia utzi zitzaiola-eta.

Oposizioak 1950. urteetan penintsularen barnean bizi zuen egoera erbestekoa baino latzagoa izan zen inolaz ere.

Errepresioak etengabe jotzen zuen eta oso urriak ziren herriarekin harremanetan jartzeko aukerak.

Etsiak hartu zituen oposizioko kideak borroka zail eta latz baten ikuspegiaren aurrean.

Gerra hotzaren hasierak eta monarkiazaleen kemen ahulak argi erakutsi zuten monarkiaren berrezarkuntzaren bideak ez zuela etorkizunik. 1950eko azaroaren 6ko Biltzar Orokorrean, NBEk indarrik gabe utzi zuen 1946ko abenduko erabakia.

Enbaxadoreak Madrilera itzuli ziren eta nazioarteko onespena jaso zuen erregimen frankistak.

Azkenik, 1952ko abuztuan, indarrik gabe utzi zuen PSOEko V. Biltzarrak monarkiazaleekin izenpeturiko hitzarmena eta gaitzetsi egin zuen Prietoren politika.

7. Laburrean azal itzazu oposizioaren sendotzea ezinezko egin zuten eta 1952. urte aldera erabat gelditzera eraman zuten arrazoiak.

6. Borroka armatuaren ahultzea

1940. urteetan zehar CNTko jarraitzaileen eta komunisten jarrerekin identifikatzen zen borroka armatua, talde horiek izan baitziren borroka armatuari eutsi ziotenak eta hildakoen kopuru handiena jasan zutenak PCEk sustatu eta kontrolatu zuen 1940. urteetako landa-gerrila (Galizia, Leon eta Andaluzia), eta handiagoa izan zuen CNTk hirietako borrokan (Katalunia).

1943-1952 bitartean 2.166 gerrilari hil zituzten eta gerrilaren aurkako borrokan Guardia Zibila, Tertzioa, Erregularrak eta armada mobilizatu behar izan zituzten.

Gerrilaren borrokaren eragina handia izan zen lurralde batzuetan eta gerra-neurriak hartu behar izan zituzten.

Kostu handiak eragin zituen neurri hark.

Bestalde, hiriko gerrilaren aurkako errepresioak bete-betean jo zituen CNT, PCE eta PSUCeko erakunde berrosatuak.

Errepresioak amaiera eman zion arian-arian erresistentzia-mota honi; izan ere, 1952an gauza asko zituen kontra eta gutxi alde: aurka zuen nazioarteko egoera, onespena jaso ondoren sendotu egin baitzen diktadura-erregimena, eta gerrilak oso arma gutxi zuen gainera.

Taktika aldatua zen PCE ordurako eta alde batera utzi zuen borroka armatua arian-arian.

Pertsonaia errepublikazaleen arteko desadostasunek beren horretan iraun zuten, baina ez zuten garrantzi politikorik ordurako. Erresistentzia-mota honen une historiakoa igaroa zen.

8. Eztabaida ezazue taldean urte haietako gerrila-borrokalarien izaera: zer ziren, askatasunaren aldeko borrokalariak, Francoren oposizio demokratikoak zioen bezala, ala gaizkileak, Guardia Zibilak zioenaren arabera?

2. Gizarte maila protesten susperraldia (1946-1975)

Bigarren Mundu Geraren ondoan, 1940. urteen erdialdetik eta, batez ere, 1950. urteen hasieratik aurrera, oposizioa antolakuntza eta politika mailan guztiz ahuldu bazen ere, gero eta protesta gehiago izan ziren lan-gizarte alorrean, eta 1956. urtean protesta horiek antolakuntza maila garrantzitsu batera heldu ziren.

Giro hura indartu baizik ez zen egin diktadura bukatu arte.